XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hemen esaten denak ez du, beraz, zerikusirik Elizaren barruko zenbait talderen edo nor bakoitzaren jokabidearekin, hoiek, bidezko denez, askatasun osoa bait dute beren iritzien arauera jokatzeko gizarteko arazoetan.

Bestalde, Euskal Herriko Eliza esatean gure elizbarruti guztiak sartzen ditugu: Iruñea eta Tutera, Baiona, Gasteiz, Bilbo eta Donostia.

Gauza jakina da denontzat, oso ezberdinak direla alde askotatik begiratuta elizbarruti bakoitzaren egoera, arazoak eta euskarari buruzko ahalmenak.

Horregatik, hemen esaten dena zehaztu beharra legoke zenbait puntutan elizbarruti bakoitzari buruz; baina puntu nagusienak aipatuko ditugu eta hoiek, neurri batean behintzat, egia dira guztientzat.

Baionako elizbarrutiak euskararen arloan beste euskal elizbarrutiekin dituen harremanak liturgi-itzulpenetara mugatuak gelditzen dira gehienbat.

Beste euskal elizbarrutiek, ordea, gero eta harreman gehiago eta zabalagoak dituzte, baita euskarari dagokionaz ere.

Hala ere, beti izan ohi dira elizbarruti bakoitzak bere aldetik egindako lanak, eta ez elkarrekin.

Euskararen arloari gagozkiolarik, gure Elizaren euskal lanetan garrantzirik haundiena liturgi-itzulpenei badagokie ere, lantegi hau liturgia bera baino askoz zabalagoa da eta alor gehiago hartzen ditu: Katekesi-Idazkaritza, Gotzaien aginduz aurrera doan Bibli-itzulpena, Gotzaien idazkiak eta agiriak, Gotzaitegiko Aldizkari Nagusia, Elizbarruti-arteko Sozial Idazkaritzak, eliz-artxiborako parroki-liburuak, etabar.

Beste argitasun bat oraindik: Euskarari buruzko Elizaren jokabideaz mintzatzean, itzulpena aipatuko dugu behin eta etabar.

Izan ere, orain arteko gure argitalpen gehienak jatorrizko beste hizkuntza batetik egindako itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak: Biblia dela, liturgi-gaiak, kristau ikasbidea, etabar.

Eta zehaztasun hauek egin ondoren, sar gaitezen gure gaiaren lehenengo puntuan.